ADDAR taldea Bermeon sortu zen 2018an. Taldea Gorka Padronesen (Zona Cero, Sinnerdolls, Tutiliklas) euskarazko Rock&Roll taldea sortzeko grinatik sortzen da. Proiektu hau aurrera eramateko beste proiektu batzuetako taldekide eta lagunak ondoan izango ditu, Imanol Rodriguez (Zona Cero, Radio Guerrilla, Galarren), Mikel Omagogeaskoa eta Beñat Aurre (Zartada) hain zuzen.

Urtebetez abestiak lantzen ibili eta gero, 2019ko azaroan Bilboko Koba Estudiora heltzen dira haien lehen abestiak Xanperen (Pi.L.T, Rat-zinger…) eskutik grabatzeko asmoz. Lan honi Sugarra deitzen diote, energiaz beteriko 5 abestiz osatuta dagoen diskoa. Rock eskandinaviarraz kutsatutako energia, potentziaz beteriko riff-ak eta melodia lazgarriak osatzen dute lan hau.

Abestietan estilo honetan ohikoak diren gaiak jorratzen dituzte. Sistemari kritika, zekenkeria, egozentrismoa, pasioa, beldurra edo esperantza bezalako kontzeptuak haien esaldietan nabariak dira.

Grabazioa amaituta, erronka berriei aurre egin beharko die taldeak eta, energia eta ilusioz beteta, 2020an Rockein! lehiaketako euskal talderik onenaren saria irabazten dute.

2020ko abenduan, haien lehenengo lanean piztutako Sugarrak, Errautsak utzi zituzten. Koba estudioetara itzuli eta, beste 3 abestiz, deabru hauen infernua osatu zen.

ADDAR ren oinarri sendoak energiaz beteriko Rocka ematen dute. Zuzenean, barruan daramaten Rockaren sena plazaratzen dute lehen akordetik azken kolpea eman arte.

Sugar horietatik Errauts hauek.  Bermeon ernaldutako deabruak iritsi dira.