G595jotake
  • 23 Abesti
  • Kaleratze data 02/09/2014
  • Artistak:

Larogeigarren hamarkadako domina punk-rockak eraman zuen, ez baina talde edo irratietako kanta ezagun kopuru handiena eskeini zuelako. Alde horretatik pop-ak eta betiko rock-ak bidea lauago izan zuten. Kontuak kontu heavy metala izan zen joerarik kaltetuena, ez baitzen gauza izan punk-aren kaleko freskotasunari dinamismo eta irudimenaz behar bezala aurre egiteko.

1990ean, SU TA GAR-i Mikel Laboaren omenezko diska baten parte hartzeko gonbitea luzatu zitzaion. Gertakari hau detaile soila baino haratago doan zeozer bezala hartu behar da, suposatu zuenagatik batik bat: talde metaliko batek dinamika isolatzailea apurtuko zuen eta are meritu gehiago duena: euskaraz abestuz.

1991eko otsailean “David eta Goliath” singlea kaleratu zen. Letrak oso zentzu bestelakoa badauka ere, 10 urte pasa direnean lasai asko interpreta genezake Eibarko taldeak bere borroka pertsonala hasia zuela orduko egoeraren aurrean: heavy metalaren aurkako egoera zeharo eta gutxienean axolagabea euskararenganako.

Ez noa hemen istorio zaharrak kontatzera, historiari fidel izateko kontua besterik ez da; beraien diskografia zabala errepasatu, euren kantu esanguratsuak, epikaz, grinez eta errebeldiaz beteriko jaialdiak eta haien kronikak gogoratzea, Su Ta Gar-ek eskena zinez eraberritu zuela ikusteko. Mende berria lekuko da gainera hainbat eta hainbat taldek bide beretsua hartu dutenaz, eta horrek itzal handiko taldea dela esan nahi du, belaunaldi berriengan gehien eragin duen taldea ziurrenik.

Zuzeneko diska hau, talde handi honen ibilbidearen laburpen logikoa baino ez da; inoiz baino biziago dirauela legenda bilakatu den taldea, entseiu lokaleko lehen akordetik bateratua egon dena (inork ez du Borxa ahazten). Exkalibur ezpaten ordez, sistemaren aurkako tximistak ipini dituen taldea, egunerokoa arintzeko ereserkiak eskaini dizkiguna. Zuzeneko magnetiko, zorrotz eta zitala konpaktu honen aukeraketa erakargarrian bildu nahi izan dute, eta baita lortu ere. Kristok ere ez luke hobeto eginen. Pakea zuekin, posible balitz.

Pablo Cabeza

(2001)

Escribe un comentario

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.