Itsasoztxiki
  • 12 Abesti
  • Kaleratze data 19/08/2019
  • Artistak:

Disko berri honek estudioko zazpigarrena osatzen du SU TA GAR-en diskografia luzean, itzal handiko izena estatuko metalaren esparruan. “JO TA KE” zuzeneko arrakastatsuaren ondoren, sutako lagunek hard-heavy disko mardula dakarte. “HOMO SAPIENS” hartatik ez genuen eibartarren kanta berririk entzuten, eta normala da inguran somatzen den jakinmina. Hiru urtetik gora pasa dira ordutik eta hori nabaritu egiten da “ITSASOZ BETERIKO MUGETAN”, disko landua baita, ondo lotua. “Beti zu gabe” aurrerapen singlea entzutea besterik ez duzu, CD honek bil dezakeenaz ideia bat egiteko. Indarra, melodia eta kalitatea barra-barra, maila goreneko musikariez ari gara. Galder baterijolea ederki lotu zaio talde osoari eta laukotea trinko, pitzadurarik gabe dager. Larogeigarren hamarkadako heavyari keinuak, hard baladak eta trash garaikidearen ikutuak tartekatuz, SU TA GAR-ek berea duen estiloari eutsi dio, lelo gogoangarriak osatzeko habilezia berretsiz. Influentziez aritzeak ez du ematen taxuzkoa denik, Su Ta Gar-en pareko ibilbide luzea duten taldeek berezko nortasuna baitute, berezko soinua.

Bolumen, abiadura, indar eta ahots zein musikatresnen birtuosismo dosi baten ondoren (“Tartalo etsai”, “Bidegabekeriaren balantzan” edo “Bizitzaren borroka”),diskoan ez da tempo erdiko kantarik falta (lehenengo singlea adibidez, edo “Arnas ixilean” bera). Gehigarri modura, azken kanta bat ere badakar, Egunkariaren itxiera dela-eta Aitor Gorosabelek propio idatzitako “Zu zara egunkaria” abestia, hain zuzen ere. Omenaldi beroa eta sentibera.

Azalean, giroan eta izenburuetan basamortuko hondarra eta jendea nabari daiteke, taldekideek lurralde horietan bizitako esperientziak diskora ekarri baitituzte.

Su Ta Gar bueltan dira eta hori beti da albiste ona, rock gogorraren jarraitzaile exigenteenontzat.

            ITSASOZ BETERIKO MUGETAN Lorentzo Records estudioan grabatu zen (Berriz Bizkaia), 2003ko urtarrila eta otsaila bitartean, Aitor Ariño teknikari zutela. Ekoizpena taldeak berak egina da eta diseinu grafikoa Borxa Arrillaga (Txulodesign!) baterijole ohiak egina da.

Guztira hamaika kantu berri, gehi “Zu zara egunkaria” kantu akustiko berezia. Diskoa apirilaren 26an kaleratuko da GOR disketxearen eskutik.